#HTX30 Jantzi petoa eta egin txanda!
http://ekinklik.org/eu/ultimas-coberturas/1426-#sigProId6165413c1e
Hatortxuk erronka jarri dio euskal gizarteari: 7.049 boluntario biltzea agur festarako
Hatortxuko kideek, Lakuntzako herritarrekin batera, agerraldia egin dute larunbat honetan Sakanako herrian. Erronka jarri diote gizarteari: elkartasun jaialdiaren agur festa posible egingo duten 7.049 boluntario biltzea. Eta sorpresa bat izan da, Pello Reparazen sinadura daraman ‘Bi t'erdi’ abestia.
Jantzi petoa eta egin txanda!
7.049 txanda bete beharko ditugu 30. edizio honetan
30 edizio eta 26 urteko ibilbidea bizkar gainean, agur esango du uztailaren amaieran Hatortxu Rockek. Elkartasun jaialdi bat da Hatortxu, preso politikoen senide eta lagunen zama arintzea izan duena helburu. Erronka ekonomikoa zein politikoa da aldi berean; eta handia da lortu dena; jaialdiaren dimentsioa, kartelak, lortutako erreferentzialtasuna… Erronkaren tamainaren lekuko dira. Baina hemen ez dago misteriorik. Formula sekreturik ez duen errezeta da Hatortxurena. Auzolanari esker izan da posible halako egitasmo bat hainbeste urtetan zehar aurrera eraman ahal izatea.
Etxerako bidea denon artean marraztu behar genuela errepikatu dugu hamaika aldiz. Eta ez da esamolde bat izan. Praktikara eramandako zerbait izan da. Norbanako ugariz osatutako talde bakar bat izan da Hatortxu, non bakoitzak bere bertuteak jarri dituen proiektuaren alde. Eta denek hiru gauza izan ditugu amankomunean: konpromisoa, ilusioa eta gogoa. Izan ere, bertuteak bertute eta gabeziak, gabezi, konpromiso, ilusio eta gogoari esker jaio zen Hatortxu, eta horiei esker egin du bi hamarkada eta erdiko bidea, haziz eta ikasiz, peto laranja soinean (edo gorria edo morea) gure aletxoa jarriz.
Ehunka, milaka petok osatutako puzzle bat izan da Hatortxuren edizio bakoitza. Begi bistan barreiatuta, gaizki gordeta, zikin eta koordinaziorik gabe hara eta hona ibiltzen ziren ehunka peto ikus zitezkeen. Baina ordua iristean, puzzle erraldoi baten piezak bailiran enkajatu egiten zuten peto guztiek. Gaur, Lakuntzan bildu garenon artean irudikatzen ari garen modu berean.
Agur esango du Hatortxuk, baina ez bere ondareak. Eta zentzu horretan, behar-beharrezkotzat jotzen dugu auzolana bera balioan jartzeko baliatzea azken edizio hau. Alde batetik, Lakuntzan lurrartuko duen jaialdia egikaritzeko ezinbestekoa izango delako. Eta ez dugu erronka makala.
Eta erronka hau gizarteari luzatu behar diogu. Jaialdia aurrera ateratzeko 7.049 txanda bete behar ditugu. Lakuntzatik dei egin nahi diogu mundu guztiari txanda bat egitera anima dadin, eta azken edizio hau modu berezian bizi dezan. Ezinbestekoa delako, bai. Baina bata Hatortxu ezagutzeko modu desberdin bat delako. Eta azken aukera izango da. Ez da edonolako jaialdi bat, elkartasunean eta elkarlanean eraikitzen da. Horren parte izateko aukera duzue uztailean, ez ezazue galdu!
Auzolan erraldi hori antolatzeko atal bat sortu dugu gure webgunean. Txanda bat egitera animatzen den edonork eman dezake izena bertatik, hatortxurock.eus/txandak atalean. Herri eta auzoetan ere lanketa berezia egiten ari gara. Datozen asteetan Euskal Herriko hamaika txoko bisitatuko ditugu jaialdia aurkeztu eta auzolanerako gonbita egiteko. Adi deialdiei!
Bigarrenik, eta uztailaren amaieratik harago begira, militantziaren eta auzolanaren kultura elikatu nahi dugulako. Denon artean egiten dugun herri bat elikatu nahi dugu. Inor preso ez den herri aske bat amesten dugulako. Batera lan eginez izango baikara aske. Euskal Herriko txoko guztietara barreiatu nahi dugu mezu hau gaurko goizean.
Petoa izan da gure auzolanaren ikur eta peto laranja eramanen dugu soinean gaurtik hasita eta uztailaren 27ra arte. Eta baita haratago ere. Hatortxu Rockek behar eta merezi duen agurra emateko. Bakoitza bere eremuan, baina denon konpromiso, ilusio eta gogoa batuz.
Auzolanaren herria gara. Auzolanaren indarra gara. Jantzi petoa eta egin txanda!