#GudariEguna Irrintzi bat dabil. Independentzia!
http://ekinklik.org/eu/ultimas-coberturas/1405-#sigProIdd170d6a860
1975ean, ehunka kilometrora zegoen irrintzia entzun genuen, askatasun haizea zela esaten zuena, gure herriaren aldeko oihu ozena, borrokarako deia. Bost hamarkada pasatu dira dagoeneko fusilamendu haietatik; baina heriotza horiekin ez zuten bost bizitza segatzea bukatzen soilik: Euskal Herriaren aldeko ametsa zen ito nahi zutena, erauzi nahi zutena.
Borrokalari abertzale eta antifaxista horien ondotik, beste hamarnaka, ehunka, milaka lagun izan dira independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren aldeko borrokara batu direnak. Hamarnaka, ehunka, milaka izan gara Euskal Herria eraikitzen jarraitu dugunak eta jarraitzen dugunak, eraldaketaren alde borrokatzen garenak.
Gaur ere, irrintzi bat dabil, irrintzi hura guganaino iritsi da. Eta ez dira gutxi ditugun erronkak. Izan ere, euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxean izan arte, borrokan jarraituko dugu. Izan ere, atzoko eta gaurko erreakzioaren aurkako borroka antifaxista eta eraldatzailea da gurea. Izan ere, askatasunaren haizea aldaketaren haizea ere bada, eta atzo bezala, gaur, hamaika dira gure lurraren eta herriaren aldeko borrokan aritzen diren lagun eta kideak, euskal errepublikaren eraikuntzan aritzen direnak, egunez egun.
“Borrokari, luza zaidan eskua, hona hemen nerea zabalik”, idatzi zuen Telesforo Monzonek. Ukabil itxiaren eta esku zabalarena da gure hamarkadatako borroka hau. Umila, eskuzabala eta iraultzailea. Borroka eta amets batek elkartu gaitu eta askatasun haizeak ereiten jarraituko dugu gaur ere.
Euskal Herri askea helburu, ortzimuga eta amets, jarrai dezagun, urtero bezala, bulkada nazional eta soziala hauspotzen. Euskal errepublikarantz, gaur, atzo bezala, irrintzi bat dabil.