Mugitu: Gu, egoeraren pairatzaileak
https://ekinklik.org/es/ultimas-coberturas/408-#sigProIdbf150e0402
Castellano abajo
Eta luze ari dira egiten "agindu eta bete"ren politikaren garaiak, guk eta beste batzuek sufritu duguna, egunero haren kontra borrokatzen garena. Gaur egun oraindik pairatzen dugun politika autoritarioa eta inposatzailea. Nagusiki Nafarroako Gobernuak eta Iruñekoa bezalako beste udal batzuek aurrera atera duten politika. Adierazle nagusi Yolanda Barcinak eta UPN bere alderdiak kudeatzen duten gobernu mota.
Nola bizi nahi dugun erabakitzeko ahalmena kendu nahi izan digute. "Barraka politikoak" bezalako gure jaien espazio auto gestionatuetatik bota gintuzten eta gaur egun Sanferminetan eta auzoetako jaietan jazartzen gaituzte. Ikurriña kriminalizatu eta jazartzen dute geure ikur historikoak mesprezatzen dituzten bitartean. Korrikaren bukaera kalean ospatzea ere galarazi ziguten euskarak etengabeko erasoak jasotzen dituen bitartean. Kolpeka, Euskal Jai bezalako utzitako eraikinetatik kanporatu gintuzten. Kartelak jartzegatik, protesta egiteko eta ospatzeko biltzeagatik isunak jartzen dizkigute. Olentzeroren bila joateagatik eta kartzeletan giltzaperatuak dauden gure senide eta lagunak gogoratzeagatik. Elkarlanean eta haien oniritzirik gabe baratz komunitarioak landatzeagatik ere isunak jartzen dizkigute. Baina ez da harritzekoa haien beldurra, espazio txiki horietatik ari baikara haien kontroletik at dauden beste bizitza moduak probatzen.
Gomazko pilotekin mehatxatu, jarraitu, kolpatu eta tiro egin digute. Kolore ezberdinetako poliziek jazartzen, zelatatzen, ikertzen gaituzte. Jipoiak ematen dizkigute eta SOS Arrazakeriari gertatu bezala, isilean gure lokaletan sartzen dira. Eta ez dugu Simon de Santamariarekin ahaztu nahi, ejertzito baten jeneral moduan amets egiten duena, ikusten duguna mailaz igo den sarjentu fanatizatua denean.
Gure hiriak eta herriak ere ez dira suntsitzaileak, autoritarioak eta trapitxeroak diren haien politikez libratu. Lur-azpiko aparkaleku purrusta egin dituzte, horretarako antzinako kulturen arrastoak suntsitu behar izan bazituzten ere, Gazteluko Plazan gertatu zen moduan. Merkatal gune handiei haien babes osoa erakutsi diete denda txikien kalterako; besteak beste, guztiok gogoratzen dugun Corte Inglesen hirigintza pelotazoa, edo Opus Deiren sektari eginiko mesede edo "opariak", azkena Donapean. Oraindik Arantzadiko baratzen suntsiketarengatik penatuak gaude, handipuztuak diren Los Arcoseko zirkuitua edo Sanferminetako Museoa bezalako makro proiektuekin talka egiten duen proiektu kolektiboa. Makro-egiturak inposatzen dizkigute haien lurralde eta jendarte ereduaren mesedetan, eraikitzaileen diru gosea asetuz. Zerrenda neketsua da: Itoitzeko urtegia eta defizitarioa den bere kanala, Noaingo aireportuaren handitzea, Castejoneko termikak, Goi Tentsioko lineak... guztiak ezertarako balio ez duten azpiegiturak, funtsezkoak diren alorretan murrizketa gogorrak eta pribatizazioak inposatzen zaizkigun bitartean: gizarte zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, kultura, euskara...
Guri, emakumeoi, osasungintza publikoan abortatzeko eskubidea kentzen digute, UPNk Madrilen gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea gehiago murrizten duen legearen aldaketa babesten duen bitartean. Jazarpenak pairatzen ditugunean, erasotzen gaituztenean baita erailak garenean ere, beste aldera begiratzen dute. Baina hau guztia kalean salatzen dugunean, gutxiesten gaituzte, isunak jartzen dizkigute eta ekitaldiak debekatzen ere saiatzen dira, duela gutxi Nagore Lafageren oroimenez egindako antzerkiarekin gertatu zen moduan.
Eta oroimenaz ari garela, Conde Rodezno hiltzailearen omenez dagoen plakak amorratzen gaitu eta Germanen eta "exekutatutako" beste hainbaten memoria oroitarria nola baztertu nahi duten tristetzen gaitu.
Gu, inposaketaren, etekin pribatuaren eta nagusikeriaren politika hau pairatzen dugunok, gogo onez oparituko genieke Yolanda Barcinari eta bere jarraitzaileei merenge tarta bat. Honengatik guztiarengatik, Auzitegi Nazionalean 5 eta 9 urte arteko zigor eskaerarekin auziperatuak dauden 4 tartalariei babes eta sostengu publikoa adierazten diegu. Yolanda Barcina Abiadura handiko trenaren arduradun nagusia dela gogoratzeagatik, eta hala nola, frontoi bateko bizilagunak, presoen senideak, oroimenaren defendatzaileak, langabetuak edo etxetik kaleratuak garenon aurkako politika gogorraren adierazle nagusia delako, politikari ustelak, banku finantzariak edo Opus Deiko haien lagunak esku leunez tratatzen dituen bitartean.
4 tartalarien askatasuna eskatzen dugu, salbuespeneko auzitegiak eta haien epaiketa errepresiboak onartzen ez ditugun moduan. Gisa berean, hilak 16, larunbatarekin , arratsaldeko 5etan Iruñeko Antoniuttitik abiatuta, AHTren aurka eta Tartalarien aldeko manifestazioan parte hartzera deitzen dugu.
Tartalariak Aurrera! Abiadura Handiko Trenen proiektuei ez! AHTrik EZ!