Iruñean haur eskolak euskaraz

Publicado en Últimas Coberturas

Iruñeko Udaletxe plaza lepo bete da haur eskola euskaldunak babesteko. Navarra Sumaren "erasoak" gelditu ditzatela eskatu diete EH Bildu, Geroa Bai eta PSN alderdiei gaur eguerdian egindako elkarretaratzean.
Navarra Sumak haur eskola euskaldunen eskaria murriztuko duela iragarri zuen astelehenean, eta, gaur, elkarretaratze bat egin dute Iruñean, 13:00etan, Iruñeko Haur Eskola Euskaldunen plataformak deituta. Ehunka lagunek protesta egin dute "euskaldunen aurkako eraso larria" salatzeko. Izan ere, Navarra Sumak euskarazko eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko du. Are, UPNren aurreko legealdian baino eskaintza murritzagoa eginen du udalak aurrerantzean. Horregatik, oposizioko alderdiei dei egin diete Navarra Sumaren "erasoak" gelditu ditzaten.

Lourdes Garmendia Donibane haur eskolako hezitzaileak eta Asier Biurrun Iruñeko Haur Eskola Euskaldunen plataformako kideak hartu dute hitza protestaren bukaeran. "Euskarazko eskaintza murrizteko neurri hau bat dator hilabete hauetan Navarra Sumak euskarafobiaren itzalean hartutako beste neurri batzuekin", esan dute. Izan ere, haien aburuz, haur eskoletako euskarazko eskaintzaren murrizketa loturik dago beste erabaki politiko batzuekin: euskararen ordenantza bertan behera uztea, haurren aisialdian euskarazko eskaintza murriztea, euskarazko hedabideak publizitaterik gabe uztea eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak zentsuratzea.


Euskaraz bizitzeko asmoa dutela aldarrikatu dute: "Gure eskubidea delako, bai, baina eleaniztasunera salto egiteko elebitasunak eskaintzen dituen abantailengatik ere bai". Administrazioak bertako hizkuntza babestu eta zabaldu beharko lukeela ere esan dute. Baina ez da horrela: "Euskaldunok Iruñean ikusezin, hutsaren hurrengo nahi gaitu UPNk". Hala, haren helburua iruindarrek euskaraz bizitzeko duten eskubideari muga jartzea dela salatu dute.

Egoeraren irakurketa

Gaur egun, Iruñean 16 haur eskola daude –horietarik bost Nafarroako Gobernuarenak dira–, eta lautan baizik ez da euskarazko eskaintzarik. Navarra Sumak erabaki du eskaintza bi haur eskolatan baizik ez duela emanen, eta, horietako batean, ez da soilik euskarazko eredua egonen. Beraz, Printzearen Harresi eta Donibane haur eskoletako euskarazko eskaintza kenduko du udalak, eta Goiz Eder haur eskolaren eskaintzaren erdia euskarazkoa izanen da, baina beste erdia gaztelerazkoa ingelesezko jarduerekin. Haur eskola euskaldun bakarra Txantrea auzoan egonen da: Izartegi.

Elkarretaratzea hasi aurretik, Iruñeko Udaletxe plaza beterik zen. Bi pankarta paratu dituzte udaletxera begira: Iruñean haur eskolak euskaraz! eta Iruñeko haur eskoletan lan eta ikasi euskaraz. Pankartari eusten haur eskola euskaldunetako gurasoak eta hezitzaileak ziren. Han izan da Maider Beloki EH Bilduko zinegotzia. Aurreko legegintzaldian bera zen Hezkuntza zinegotzia, eta hark kudeatu zuen haur eskolen aferan. Protestan "Maia, entzun, Iruñea euskaldun" eta "Haur eskolak euskaraz" oihuak nagusitu dira. Une batean txistu ere egin dute protestan zirenek, Maiari zuzendutako oihuak bukatutakoan.


Giro ona izan da nagusi ordu erdi iraun duen elkarretaratzean. Ene Kantak taldeko kideek kantuan eta dantzan jarri dituzte bertan zirenak 13:00etan puntuan. Ondoren, Iruñean Kantuz taldekoek goxatu dute giroa. Plaza osoak haiekin batera kantatu dituzte euskararen aldeko abestiak. Bukaeran, dantzan ere aritu dira batzuk trikitilarien doinuei jarraikiz. Are, 14:00etan oraindik ere jende asko zen plazan, kantuan eta dantzan.

Feed

síguenos en RSS

Twitter

síguenos en Twitter